GANTZAK

Lipidoak hormona garrantzitsuen aitzindariak dira; hormona hauek presio arteriala, bihotz taupaden frekuentzia, koagulazioa, erantzun immunologikoak erregulatzen dituzte, nerbio sistema zentralaren parte dira eta zelulen funtzioak eta mintza kontserbatzen dituzte.

Gramo bat gantzek 9 Kcal aportatzen ditu, karbohidrato eta proteinek ematen dutenaren bikoitza baino gehiago, horregatik lipidoen errazioak txikiagoak izaten dira. Orokorrean, eguneko kaloria osoen %20-30 gantzak izatea gomendatzen da.

Gantz mota ezberdinak daude:

  • Gantz asegabeak: odoleko triglizerido eta kolesterol maila jaisten laguntzen dute. Omega 3 eta 6, monoasegabeak eta poliasegabeak talde honetakoak dira. Adibidez, oliba olioa, ekilore olioa, olibak, ahuakatea, fruitu lehorrak, haziak eta arrain urdinak.

 

  • Gantz aseak: kantitate txikiagoan kontsumitu behar dira, 200 mg/eguneko baino gutxiago. Kolesterola talde honetakoa da eta animalia jatorriko elikagaietan bakarrik dago. Hala ere, kolesterol kontsumo moderatuak hormona askoren ekoizpenean laguntzen du, eta zelula guztien horma zelularraren parte dira. Moderazioz kontsumitzen badira, gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arriskurik ez dago. Adibidez, koko olioa, gurina eta haragi gorria.

 

  • Trans gantzak: mota honetako lipidoek odoleko kolesterol maila igotzen dute eta hauen kontsumoa saihestu egin behar da. Gaixotasun kardiobaskularrekin erlazionatuta daude. Lipido hidrogenatuak dira, gehienbat gizakiak ekoiztutakoak, gantz begetalak (likidoak) gantz hidrogenatu eta erdi-solidoetan aldatzeko prozesuetan sortzen dira. Adibidez, margarina, gailetak, opilak, gozoak eta frijituak.

 

Gantzak aliatu egokiak dira, eta orokorrean kalitatezko eta osasuntsuak diren elikagaiak badaude dietan, gantz osasuntsuak kontsumitzeak (bakoitzarentzat egokiak diren kantitateetan) pisu galera erraztu dezake.

  • Fruitu lehorrak adibidez, proteina, zuntz eta grasa osasuntsuen iturri dira. Ikerketetan ikusi denez, gorputz masa indize txikiago batekin erlazionatzen dira, gainera omega 3 eta 6ak dituzte.
  • Oliba olioak zaporea ematen die elikagaiei eta gainera antioxidatzailea da.
  • Ahuakateak gurina baino asetuago uzten duenez, egunean zehar kaloria gutxiago kontsumitzen laguntzen du.
  • Arrautza osoak hartzeak, zuringoak bakarrik kontsumitzeak baino gehiago asetzen du eta gorringoek duten kolesterolak ez dauka zerikusirik odoleko kolesterola igotzearekin.

Ez izan beldurrik lipidoei, kalitatezko elikagaik aukeratu eta zure dietan gehitu moderazioz.

Ainitze Ondarra

Dietista-Nutrizionista