ALERGIA? PLANTAINA

ALERGIA? PLANTAINA

ALERGIA? PLANTAINA Gure artean plantain edo ardimingain bezala ezagutzen dugun landare ezagunaren inguruan idatzi nahi dut post hau. Espezie ezberdinak biltzen dira plantain, Plantago, generoaren gerizpean. Gure artean ezagunenak orri estu eta luzeagoak dituen  Plantago lanceolata edo ezpata-plantaina, eta orri obalatu eta zabalagoak dituen Plantago major edo plantain handia dira. Goi arnas aparatuaren gaixotasunak eta mukosa bukofaringeoaren nahiz azalaren inflamazioak sendatzeko erabiltzen dira, batez ere zurtoinak. Espezie guztiek antzerako propietateak dituzte: Dituzten muzilagoei esker, propietate emolientea dute, hau da, gogortasun edo inflamazio bat biguntzeko ahalmena dute. Azido kafeikoaren deribatuak, plantamajosidoak eta aktiosidoak bereziki,eta iridoideak, aukubina, aktibitate antiinflamatorioarekin erlazionaturik daude. Iridoideak efektu antibakterianoaren eragileak ere badira eta baita antialergikoarena ere plantain handiaren kasuan. Azken hau bronkitis kronikoetan ere erabili ohi da. Erabilerari erreparatzen badiogu, berriz: Alemaniako osasun Ministeritzako E komisioak baimentzen dituenak hauek dira: katarro arrunta, eztul ez emankorra, bronkitisa, sukarra eta faringitisa. Erabilera herrikoia: Katarroarentzat: hostoen belar ura erabiltzen da. Azaleko zaurientzat: ezpata-plantainaren hostoak erabiltzen dira, loratu baino lehen (ekaina-uztaila). Zuritu, mintz fin batez inguraturik baitaude, eta zuzenean zauriaren gainean jartzen dira. Haginetako minari, oi handitsuei eta txantxar txikiei aurre egiteko berriz, plantain handiaren hostoak erabiltzen dira. Gordinik mamurtzen dira hosto freskoak 5 minutuz, tu egin gabe, nahiz eta zapore oso mingotsa izan. Idorreriaren kontra: bai plantain-ezpataren eta bai plantain handiaren heldutako haziak (abuztua-iraila) erabiltzen dira laxante mekaniko gixa.     Aitziber Etxeberria Farmazialaria...