EROSKETA OSASUNTSUA

Elikadura gure osasunaren funtsezko oinarria da eta erosketa egiten den unetik hasten da. Zein elikagai aukeratu, nola eta zein kantitatetan erosi erabakitzea ezinbestekoa da elikadura osasuntsu eta orekatua izateko orduan.

Erosketa osasuntsua egiterako orduan, funtsezkoa izango da erosketa zerrenda aldatzea elikadura hobetzen hasteko. Dieta osasuntsu bat, erosketa egoki bat egitetik hasten dela pentsatu behar da. Horregatik, produktu freskotan zentratu behar da eta elikagai prozesatuak alde batera utzi. Erosketako orgak fruta, barazkiak, lekaleak, haragia, arraina, arrautzak, fruitu lehorrak, esnekiak … izan behar ditu.

Gomendagarria izaten da erosketa zerrenda itxia egitea, beharrezkoak diren elikagaiak bakarrik dituena. Horrela, despentsan eta hozkailuan egon behar ez duten produktuak erostea saihestuko da.

Erosketako orga nutrientez beteak dauden eta osasuntsuak diren elikagaiak izan beharko ditu, adibidez:

  • Frutak eta barazkiak: elikadura osasuntsuaren oinarri dira. Garaikoak diren kolore eta mota ezberdinetako fruta eta barazkiekin bete erosketa- orga.
  • Haragia eta arraina: haragi zuria aukeratzea da hoberena. Haragi prozesatuen kontsumoa saihestu. Arrain urdina eta zuria, itsaskiak eta krustazeoak ere aukera egokiak dira.
  • Zereal eta hazi integralak: pasta, arroza eta zereal integralak (oloa, quinoa, espelta, zekalea, kamuta …) erosi. Zuntz kantitate handiagoa dute, asetzen eta apetitua erregulatzen laguntzen dute.
  • Oliba olioa: aukerarik osasuntsuena oliba olioarekin sukaldatzea da. Kontuan izan beharko ditugu gantz osasuntsuak ematen dizkiguten beste elikagai batzuk ere: ahuakatea, haziak (chia, liho, sesamo …), arrain urdinak eta fruitu lehorrak.
  • Fruitu lehorrak: gordinak edo txigortuak daudenak aukeratu, gatzik ez dutenak eta frijiturik ez daudenak.
  • Lekaleak: dilistak, garbantzuak, babarrunak eta ilarrak nutriente eta proteina iturri oso onak dira.

 

Ainitze Ondarra Dietista-Nutrizionista