LEKALEAK

Lekaleek folato, zuntz, fosforo, manganeso, burdin, proteina, zink eta potasio kantitate handiak dituzte. Honegatik, ezinbestekoak dira dieta osasuntsu batean, eta batez ere dieta hau begetarianoa edo beganoa den kasuetan.

Karbohidrato eta proteina bezala erabili daitezke, eta zuntz kantitate altua dutenez denbora luzez asetuta mantentzen dute. Gainera zuntz honek odoleko azukrea erregulatzen laguntzen du; ikerketa batzuen arabera, lekaleek arazo kardiobaskularrak gutxitzen dituzte. Pertsona askok uste dute elikagai hauek gizendu egiten dutela, baina uste hau okerra da, izan ere, elikagai osasuntsu eta balore nutrizional altukoak dira.

Lekaleak uretan beratzen uzten badira, nutrienteak erabilgarriago egiten dira eta duten efektu haizetsua gutxitzen da. Lekaleak beratzen dauden ura bi aldiz edo gehiagotan aldatzen bada, kontsumitzerakoan digestioa hobeto egin ahal izatea lortuko da.

Elikagai hauek duten burdina, nahiz eta ez den hemo (gizakiek ondoen absorbatzen dugun burdina, adibidez haragi gorrian aurkitu daitekeena), nahiko altua da. Burdin hau hobeto absorbatzeko, lekaleak C bitaminan altuak diren elikagaiekin batera kontsumitu behar dira, adibidez, limoi, laranja, azenario, marrubi, piper, brokoli edo tomatearekin eta gutxienez ordu batez tea, kafea edo txokolatearen kontsumoa saihestu, elikagai hauek burdinaren absortzioa oztopatzen baitute.

Guzti honegatik ez da ahaztu behar dilista, garbantzu eta babarrunen kontsumoa astean zehar, beti barazki askorekin batera,  dieta osasuntsu bat jarraitzeko.

 

Ainitze Ondarra

Dietista- nutrizionista