POLENA

Haziak dituzten landareek sortzen dituzten ale mikroskopikoen izen kolektiboa da polena. Landarearen obulua ernalduko du, polen aleak bizpahiru zeluletara murrizturiko izaki maskulinoz osaturik baitaude. Erleek beste animalia askok ez bezala, polenaz elikatzeko gaitasuna dute. Horretarako, argizari abarasketan polena metatu eta berau digerituko duten entzima berezi batzuk gehitzen dizkiote. Ondoren, polen hau ezti geruza batez estaltzen dute, prozesu entzimatikoa anaerobioa, oxigenorik gabea, izan dadin.

Aste batzuk pasa ondoren, erlezainek “erlearen ogia” bezala ezagutzen dutena lortzen da, hau da, polen digerigarria. Baldintza hauetan, polenaren proteina  (aminoazido esentzial), gantz, mineral eta oligoelementuak lor ditzakegu.

Zer izan behar dugu kontuan polena erosteko orduan?

  • Freskoa izan dadila: polenak urtebete baino gehiago duenean bere propietateen %80 galtzen du.
  • Era askotako kolorea izan dezala: horitik beltz, more eta laranja koloreraino doazen tonuz osaturikoa.
  • Polen freskoa erraz desegiten da ahoan edo ur naturalean.

Zein ezaugarri ditu polenak kosmetikan?

  • Ezaugarri nagusia azal akneikoetan eragiten duen onura da, gorputzean A bitamina bilakatzen den karotenoideari esker. Hortaz gain, B,C,D,E eta K bitaminak, mineralak, eta aminoazidoak aurki ditzakegu bere konposaketan.
  • Azal indarge eta zimurtuetan ere oso baliagarria da, suspertzaile indartsua baita.

Xaboia egiteko erabil dezakegu? Bai, bi modutara egin dezakegu:

  • Bere horretan: pikorkatua.
  • Ehoturik: kafe ehotzaile bat erabiliz.

Kontuan eduki beharrekoa: hobe da polenari alergia dioten pertsonek xaboi hau ez erabiltzea.

Aitziber Etxeberria Garro. Farmazialaria eta idazlea naiz. Natura,osasuna eta literatura uztartzen saiatzen naiz. 2008. urtean Ukendu Parabotika martxan jarri nuen Zumaian.